16/02/2026
MIN PELBIKOA
JATORRI ZEHATZIK GABEKO AMETS GAIZTOA
Gaurkoan min pelbikoa ikusarazi nahi dugu. Gaitz konplexua da, jatorri multifaktoriala duelako. Eta sarri, tratamendu egokiak, profesional desberdinen elkarlana inplikatzen du; ginekologo, urologo, digestibo, fisioterapeuta, endokrino, etab.
Jatorri multifaktoriala izateak, gaitzaren atzean bateratzen diren arrazoi bat baino gehiago izaten direla esan nahi du, gaitzaren konplexutasuna azalduz.
Dena den, min pelbikoa ez da normaltzat hartu behar. Ez da jasateko zerbait. Sarritan ez da erraza, ate asko jo behar dira, baina horrek ez du esan nahi normaltzat hartu behar denik. Profesionalok ikertzen eta ikasten jarraitu behar dugula esan nahi du. Pertsona bere osotasunean begiratzen hasi behar dugula esan nahi du.
Fisioterapiatik, ulertzen dugu mina askotan ez dela organo bakar baten arazoa, baizik eta muskuluen, faszien, nerbioen eta nerbio-sistemaren funtzionamenduaren emaitza.
Zoru pelbikoko fisioterapiak lagundu dezake hipertonia muskularra, mugikortasun-galera, min miofasziala, arnasketaren alterazioak edo nerbio-sistemaren sentsibilizazioa daudenean, nahiz eta proba medikoak “normalak” izan. Ebaluatu, tratatu eta berriro hezten dugu, mina gutxitzeko, funtzioa hobetzeko eta bizi-kalitatea berreskuratzeko, baita egunerokoan eta sexualitatean ere.
👉 Mina sentitzea ez da normala. Arreta espezializatua izatea, bai.
Fisioterapia funtsezko pieza da min pelbikoaren tratamenduan, eta benetako aldaketa ekar dezake.
Bidelagun gaituzu!